Christopher Okigbo euskaraz - Munduko Poesia Kaierak - Karmen Irizar - Karrikiri Euskal Denda View larger

Christopher Okigbo - Munduko Poesia Kaierak

Christopher Okigbo / Karmen Irizar (Itzul.)

978-84-17051-64-8

10,00 € BEZ barne

Gogokoen zerrendan sartu

  • Egilea: Christopher Okigbo

    Itzultzailea: Karmen Irizar Segurola

    Bilduma honetan dago: MUNDUKO POESIA KAIERAK

    Hitzaurrea: Beñat Sarasola

    Gure bildumari benetan “munduko” deitzeko hutsune handienetako bat zen orain arte Afrikako poetarik euskaratu ez genuela. Halere, ez da kontu oso literarioa idazlearen jaioterria fetitxizatzea, eta kaier hau irakurrita berehala konturatuko gara poesia bat munduko egiten duena ez dela halabeharrak aginduriko gertakizun bat, baizik eta aurretik idatzi denarekin dialogoa. Zentzu horretan, begirada mendebaldar ustez aratz baina zinez itsuarentzat, begi-bistakoa egiten da, esaterako, Christopher Okigbok marrazten duen naturaren joritasunaren eta Aime Cesaireri irakurri genizkion poesien arteko korrespondentzia. Oinarri historiko eta geografikoa duen erlazioa, jakina; esklabotzaren historiak harremantzen dituelako, besteak beste, Okigboren Nigeria eta Cesaireren Martinika, bi lurraldeak latitude ia berean egoteaz gain, Atlantikoaren alde banatan.

    Okigbo XX. mendeko poeta afrikar handienetakotzat jotzen da. Ojoton (Nigeria) jaio zen 1932an eta gazterik hil zen, 1967an, Nigeria eta Biafraren arteko gerran borrokan, bigarrenaren aldeko armadan soldadu ari zela. Black Orpheus aldizkari garrantzitsuan argitaratu zituen poema ugari, eta Nigeriako literaturaren bultzatzaile nagusia izan zen Chinua Achebe eta Wole Soyinka idazle handiekin elkarlanean.

    Haren poemak kolore eta formen eztanda modukoak dira, narratibitatetik bainoago une jakinen marraztetik abiatzen direnak. Hor agertzen da ni poetikoaren inguru aberatsa; landaredia (izpilikua, irokoa, sandaloa…) eta animaliak (lehoiak, elefanteak, arranoak…), baina baita gizakiak ere, inguruko lagun eta senitartekoak. Poema aski modernista eta konplexuak dira asko, eta collage teknika erruz darabil.

    Irakurleak irudi festa baten erdian topatuko du bere burua maiz, zeinetan askotariko material poetikoak baliatzen diren, horietako batzuekin esperimentatuz gainera. Adabaki horiek, ordea, artez josten ditu Okigbok, nahaspilan erori gabe. "Ahizpa isilen auhenan", adibidez, antzerkira gerturatzen da, tradiziozko forma batzuetara poesia modernotik hurbilduz. Horixe baita, halaber, Okigboren poesiaren ezaugarri nabarmenetako bat: aberastasun modernista modu tradizionalekin txertatuta agertzen dela. Erreferentzia klasikoak ugariak dira, kultura klasikoari dagozkionak, erlijiozkoak (etxetik zetorkion katolizismoarena eta Nigeriako bertako erlijioak) eta mitologikoak, baina orobat ageri dira ahozko tradizio literarioaren zantzuak.

    Errepikek (herri kantuen oihartzunak dakartenak), etenek eta bat-bateko zartadek kadentzia berezia sortzen dute, baina, horretaz gain, soinuarekiko kezka ere poemetan beraietan ageri da: gisa guztietako ahots (auhenak) eta hotsak, ezkilak, danborrak, ostotsa… Idatz-estilo askotara moldatzeko gai izanik ere, nabarmena da bere azkeneko urteetan bertsolerro luze eta trinkoagoetarako bidea egin zuela. Ordukoak dira, baita ere, guda eta gatazka politikoarekin loturiko erreferentziak (horiek baino lehenagokoa da, haatik, Gernikari egindakoa).

    Mendebaldarron begirada itsua aipatu dut lehen, eta harekiko errezeloak ikusarazten digu Okigboren apustua ñabarduraz betea. Horratx identitatea eta diferentziaren auzi katramilatsuan hartu zuen posizioa: Afrikako Poesiako Langston Hughes Sari prestigiotsuari uko egin zion, argudiatuz poesia ez litzatekeela arrazaren arabera epaitu beharko, eta negritude mugimendutik urrutiratu zen.

    Afrika beltzerako bidaia poetikoa eskaintzen digu Okigboren poesiak. Urruti bezain gertu sumatzen duguna, baina, poesia on guztiak bezalaxe, irakurleari hurbilpen topikozko bat bainoago, hurbilpen kritiko bat eskatzen diona.

Akaso hau ere interesatzen ahal zaizu: