Alda Merini - Munduko Poesia Kaierak View larger

Alda Merini - Munduko Poesia Kaierak

Alda Merini + Aiora Enparantza Armentia (Itzul.)

978-84-17051-73-0

10,00 € BEZ barne

Gogokoen zerrendan sartu

  • Egilea: Alda Merini

    Itzultzailea: Aiora Enparantza Armentia

    Bilduma honetan dago: MUNDUKO POESIA KAIERAK

    Hitzaurrea: Beñat Sarasola

    Poesia poetaren arabera azaltzearen tradizio sendo eta alfer samarrak abegi onez jaso ohi ditu poeten bizitzetako pasarte apartekoak, haien izaera ustez xelebre eta arauaren kontrakoak. Batak bere buruaz beste egin zuela, bestea alkoholari emana bizi izan zela… opio zaleak ere aski preziatuak izaten dira poesiaren plato sentsazionalistetan. Ez alferrik, emakumezkoak izaten dira, gehienetan, pasadizo anker horietako protagonistak. Gizon jarriek ez baitute hainbeste langarik izaten poeta izateko; emakumezkoek, ordea, gutxienean, arazoren bat eduki behar izaten dute psikean (gehiegizko erromantizismoa? histeria? ameskeria?) poeta izateko.

    Topiko gotor horiek zail egiten dute taxuz hitz egitea poeta baten bizitza gorabeherak benetan errelebanteak direnean, Alda Meriniren kasuan gertatzen den modura. Bere izen-abizenak ospitale psikiatrikoari lotuta ageri baitira, haren poesia esperientzia hura gabe esplikatzea kasik ezinezkoa balitz bezala. Dena den, kasu honetan berebiziko garrantzia izan zuten ospitale psikiatrikoko aldiek, ez soilik bere obran arrasto nabaria utzi zutelako, baizik eta berak inoiz adierazi bezala, “niretzat eroetxea ezohiko behaketa-leku izan zelako”. Giza duintasuna galtzea, gizarte bazterkeria pairatzea edo maitasunaren ukazioa bezalako gaiak zorrozki lantzen ditu poema horietan.

    1931n jaio zen Milanen, hil zenerako (2009an), XX. mendeko bigarren erdiko poeta italiar laudatuenetakoa zen. Bere poesia lirikoa da funtsean, nahiz eta sinbolismorako eta are mistizismorako joera (bere poesia berantiarrean, nagusiki) nabaria duen. Poesiaren tradizioan jorratutako gai funtsezko gehienak landu zituen, ondare klasikoarekin dialogoan beti ere. Maitasunezko poema bikainak ditu, esaterako, zenbaitetan desamodiozko ere badirenak, edo atxiki ezinezko maitasunarenak, Ez, ez itzuli ederra adibidez. Poeta handi gehienak nola, poesiaren beraren inguruan ere hausnartu zuen, halako moldez non eskakizun poetikoa bizi-eskakizun bilakatzen den. Poetek denbora eta lasaitasuna behar dutela diosku, eta berak ere lekua eta isiltasuna aldarrikatzen ditu, bizi-premia oinarrizko gisara.

     Meriniren hastapen poetikoetan aipagarria da Giacinto Spagnoletti literatur kritikariaren laguntza. Merini gaztearen poemez liluraturik, 1950eko Antologia della poesia italiana contemporanea 1909-1949 liburuan sartu zituen haren ale batzuk. Berehala jaso zuen garaiko zirkulu poetiko nagusien aitortza. Eugenio Montale, Maria Luisa Spaziani eta Salvatore Quasimodok goraipatu zuten, besteak beste.

    Hamasei urte eskas zituela sartu zuten estreinakoz ospitale psikiatriko batean, eta nahasmendu bipolarra diagnostikatu zioten. Gerora, maiz egin zituen sartu-irtenak, eta bide arantzatsu horretatik ildo poetiko oso bat garatu zuen, non minak eta gorputzak aparteko presentzia duten. Buru gaixotasuna gorputzarena ere badela erakusten digute, nolabait, bere poesiek. Oinazean ondutako poemak irakurriz, Martxel Mariskalen poemekin edo Xabier Leteren azken urteetakoekin akordatuko da, ziur aski, euskal irakurlea; sarritan, mina, denik eta esperientzia indibidualenetarikoa izanik, poesia edo artearen bidez baino ezin baita elkarbanatu.

    Arestian aipatu dugu literaturako gai nagusiez idatzi zuela Merinik. Heriotza ere gai horietarik da. Testamentua poema labur hunkigarria hilondoko samurtasun eskaera batekin amaitzen du: “laztandu nazazue ero-eroan!”. Honakoa da, bada, gure eskaintza; Aiora Enparantzaren itzulpenaren eskuz eginiko fereka epela.