Angel Gonzalez euskaraz - Munduko Poesia Kaierak (MPK) - Karrikiri Euskal Denda View larger

Angel Gonzalez - Munduko Poesia Kaierak

Angel Gonzalez / Gerardo Markuleta (Itzul.)

978-84-92468-83-6

10,00 € BEZ barne

Gogokoen zerrendan sartu

  • Egilea: Angel Gonzalez

    Itzultzailea: Gerardo Markuleta

    Bilduma honetan dago: MUNDUKO POESIA KAIERAK

    Hitzaurrea: Beñat Sarasola

    Ez dira ugariak, ziur aski, irribarrea eragiten duten poetak. Angel Gonzalezek esango lukeen bezala, gehiago dira izarrei begira idazten duten poeta zuhurrak. Gizakiei begiratzeak dakar, haien miseriekin topo egitea bezala, haien baldarkeria komikoa ezagutzea ere. Nora begiratu, hala idazten omen du poetak, eta Gonzalezek begirada izarrartetik beheititu eta zuzenki egiten zion so gizakiari.

    Agindua izeneko poeman aurkeztu zuen poetika hori, zeru-goietan zebiltzan poetei jaurtitako eztenkada ironikoa. Lehen liburua, "Áspero mundo" (Mundu zakarra), 1956an argitaratu zuen, eta luze gabe hamarkada horretan Espainiako poesian gailendu zen poesia sozialaren poeta multzoan kokatu zuten kritikariek.

    Pare bat hamarkada aurrerago "novisimos" delakoak modan jartzerakoan idatzi zuen hain justu arestian aipatutako poema, eta sorta bereko beste pare bat, "Kontragindua" —eguneroko objektu arruntekin ondutakoa— eta "Poetika 4" —kasik txiste bat, Markuletak artez euskal testuingurura ekarria—.

    Sozialtzat jo izan diren beste poeta zurrun batzuen aldean, ordea, arnasa zabalago bat sumatzen zaio Gonzalezen poesiari, neurri batean ironiak ematen dion distantzia horretaz baliaturik. Maiz, ironia bere buruari atxikitzen zion gainera, bere poema famatuenetako batean —"Nire izena Angel Gonzalez izan dadin..."— agerikoa denez.

    1925ean Oviedon jaioa, gaztetxo zela harrapatu zuen 1936ko gerrak. Guda hark —edo hobeki esanda, faxisten bandoak— eraman zion anaia Manuel. Anaiaren galerari buruz idatzi zuen guda hari buruzko poema batean: “Galdutakoa betiko galdurik, / hildakoa atzean gelditu zen behin betiko / hilik”. Gerraz ez ezik gerraostearen hoztasunaz ere idatzi zuen, hezurretaraino sartzen diren poema bateko lehen bi lerroek ondo adierazten duten bezala: “Hemen, Madrilen, mila bederatziehun eta / berrogeita hamalauan: gizon bat bakarrik”.

    Gazterik zaletu zen literaturara, besteak beste tuberkulosi baten ondorioz ohean egon zen denbora luzeko irakurketei esker. Gaitz hartatik nekez osatu ostean, zenbait kafe-etxetako literatur tertulietara joaten hasi zen. Oviedoko Café Rialtora lehenik —nora, esate batera, Carlos Bousoño joaten zen— eta urte zenbait geroago, baita Madrilgo Café Gijón sonatura ere.

    Bousoñoren ezagutzea funtsezkoa izan zen Gonzalezen hastapenetan, hark adoretuta argitaratu baitzuen lehen poema liburua. Haren bidez ezagutu zuen halaber Vicente Aleixandre, garaiko poeta espainiar garrantzitsuenetakoa, eta hark bidea eginda lortu zuen Bartzelonan 1955ean zenbait editorialetako zuzentzaile gisako lana. Egonaldi hartan ezagutuko zituen "Bartzelonako Eskola" izenez ezaguna den idazle taldea: besteak beste, Jaime Gil de Biedma, Jose Agustin Goytisolo eta bilduma honetako beste poeta bat ere: Gabriel Ferrater.

    Gonzalezen poesigintzako ildo nabarmen bat da maitasunezko poemena. Horixe aurkitzen dugu "Heriotza ahanzturan"-en adibidez, fenomenologiaren ideiez baliatuz idatzitako poema, edo "Maitasunezko urtebetetzea" izeneko poema biribilean. Beste ildo bat da gauarekiko liluratik idatzitako poemena. Gauak Gonzalezentzat “normala denaren etena” esan nahi zuen, eta bere burua “gautar” gisa definitu zuen "Gaur" poeman. Ez zuen, beraz, sekula ezkutatu izan gaua eta alkoholarekiko jaidura, eta etxepean zuen Oliver taberna sarritan ixten zuen auzoetakoa zen.

    Plazer handiena ematen zion egintza ezer ez egitea zela adierazi zuen inoiz, eta erretiroari, beraz, ez ziola inolako beldurrik. Gaur egungo modako hitza erabiltzearren, prokrastinatzaile militantea izan zen: “Utz ezazu biharko / (atzo, ez jakin nola, hasi eta) / gaur egin zenezakeena”. Oi gure Axular zaharrak burua altxatuko balu!

Akaso hau ere interesatzen ahal zaizu: