Al Berto euskaraz - Munduko Poesia Kaierak (MPK) - Karrikiri Euskal Denda View larger

Al Berto - Munduko Poesia Kaierak

Al Berto / Joxemari Sestorain (Itzul.)

978-84-17051-11-2

10,00 € BEZ barne

Gogokoen zerrendan sartu

  • Egilea: Al Berto

    Itzultzailea: Joxemaari Sestorain

    Bilduma honetan dago: MUNDUKO POESIA KAIERAK

    Hitzaurrea: Beñat Sarasola

    Inork gutxik nahi izaten du bazterrekoa izan, inork gutxik mugaren beste aldeko; bazterrekotasuna, izatekotan, egokitu egiten den zerbait izaten da, kanpotik —boteredunek maizenik— egokitutakoa inondik ere. Ziur aski horixe da Al Bertoren kasua; norma eta arau orokortuetatik aparte bizi izan zen, eta hala, bazterrekoaren etiketa atxiki izan zaio. Bazterreko izatea, baina, nondik begiratzen den izaten da.

    Coimbran jaio zen 1948. urtean, goi-burgesiako familia baten abaroan, eta horrek, noski, hezkuntza artistiko apartekoa izaten lagundu zion. Lisboan lehenengo eta Belgikan ondoren, margolaritza ikasten jardun zuen, harik eta hura baztertu eta idaztera dedikatzea erabaki zuen arte. Komunitate hippy batean bizi izan zen Bruselan beste artista batzuekin, eta garai hartako joan-etorrietan oinarritu zen 2017an estreinatutako "Al Berto" filma, Vicente Alves do Ó zuzendariarena.

    Frantsesez ere idatzi zuen Belgikan bizi zela, eta ingelesa ere ondo zekien, besteak beste bere aitonetako bat ingelesa zelako. Bi tradizio poetiko horien arrastoa suma liteke han-hemenkako erreferentzia batzuetan: Joy Divisioneko kantaria izan zen Ian Curtis, Andy Warhol, Arthur Rimbaud, Jean Genet. 1974an itzuli zen Portugalera eta orduan garatu zuen bere ibilbide poetikoa.

    "O Medo" (Beldurra) antologia 1987an argitaratu zuen, eta liburu horrek ezartzen du, nolabait, Al Bertoren poesiaren muina. Dena den, kaier honetako hautaketarako abiapuntu gisa Jorge Reis-Sá editore eta idazleak apailaturiko "O ultimo coração do sonho" (Ametsaren azken bihotza) antologia erabili du Joxemari Sestorainek.

    Antologia horretan, Al Bertok bere errezitaldietan errepikatzen zituen poemak sartu ziren, eta horixe litzateke, beraz, poetaren beraren poema-hautaketa pertsonalena. Izan ere, haren poemak ahots goran irakurtzeko idazten zituen, eta hala, musikalitate eta erritmo ederreko aleak ditugu.

    Poema horiez landa, baina, beste poema sorta batzuk aurkituko ditugu kaier honetan; hala "O Medotik" ateratakoak, nola beste testu solte batzuetatik eskuratuak ("Udazkeneko eskutitzak", esaterako). Azken horietan, ziur aski, Al Berto gordinago bat topatuko du irakurleak, ez hain lirikoa akaso, baina barne-muinetaraino sartzen den indar poetikoduna.

    Al Bertoren poesiaren ezaugarri nabarmenetako bat gorputzak eta haren alderdi (ustez) likitsak —semena, izerdia, listua…— duen presentzia da. Poesia goi-zeruekin erlazionatu ohi da maiz, baina Al Bertok poesia ere gorputzarena izan daitekeela erakutsi zuen. Gorputzak, Mendebaldeko tradizio guztian zehar gutxietsia izan den hori —gogamenaren aldean—, beste dimentsio bat hartzen du poemotan: “Gorputzak kondenatzen nau bizitzera”. Gizarte makur bateko babesleku da baita ere, beste ale batean azaltzen denez.

    Errealismo Berriaren ordezkaritzat jotzen du kritikak Al Berto, “beste” errealitate bat erakusten digulakoan. Nolanahi den, gordintasun horrekin batera topatzen ahal ditugu lirismoa, metafora pindartsuak eta halako jaidura sinbolista bat (“kristalezko burua duen gizona”).

    Gayen arteko maitasunaren erretratugile aparta izan zen orobat, gutxi duena ikustekoa Mendebaldeko maitasun-poema kanonikoekin. Mundu heterosexualak bazterreratzen dituen marikak eta txaperoak dira sarri protagonista, edo hark behartzen duen gayen arteko maitasun diskretua ("Nire lagunaren trikimailua kalean").

    Minbiziak jota hil zen 1997an, oraindik berrogeita hamarretara iritsi gabea zela. Gaur egun, Fernando Pessoaren ondorengo poeta portugaldar antologatuenen artean kokatzen da.

Akaso hau ere interesatzen ahal zaizu: