John Berger euskaraz - MUnduko Poesia Kaierak (MPK) - Susa - Karrikiri Euskal Denda View larger

John Berger - Munduko Poesia Kaierak

John Berger / Iñigo Roque (Itzul.)

978-84-17051-33-4

10,00 € BEZ barne

Gogokoen zerrendan sartu

  • Egilea: John Berger

    Itzultzailea: Iñigo Roque

    Bilduma honetan dago: MUNDUKO POESIA KAIERAK

    Hitzaurrea: Beñat Sarasola

    John Berger 2017an hil zen, baina idazle askorekin gertatu ohi den kontrara, bizirik zela aski goraipatu izan dira bere lanak Euskal Herrian, eta zenbait idazlek estimu handitan eduki izan dute. Horien artean, Ixiar Rozas aipa dezakegu, harekin harreman zuzena edukitzeaz gainera (Periferike jaialdia antolatu zuenean), Bergerren idazmoldeak haren lanean arrastoa utzi duela esan daiteke-eta.

    Motz geratzen zitzaizkion Bergerri diziplina artistikoen arteko bereizketak ez ezik literatur generoen arteko mugak, eta hala, bere lan guztiek zuten arte plastikoetatik, poesiatik, saiakeratik, narraziotik, eta abar. Horregatik, ia poema libururik atera ez zuen poeta izan zela esan dezakegu.

    70 urte bete zituenean, "Pages of the Wound" (Zauriaren orriak) liburua argitaratu zuen, 1956tik 1994ra idatzitako poemekin, zenbait marrazki eta argazkiz horniturik. 2012an, haren seme Yves-en marrazkiek lagundutako poemategi bat eman zuen argitara, frantsesera itzulita: "La louche et autres poèmes" (Burruntzalia eta beste zenbait poema).

    Bi erreferentzia horiek besterik ez, hortaz, baina aldi berean, munduari begiratzeko eduki zuen modu berezi hori izan zen bere poesia lanik emankorrena.Hain justu, "Ways of Seeing" (Begiratzeko moduak) da bere lan ezagunetako bat, ikusmen-arteen baitan XX. mendeko obra ezinbesteko bat. Ez da nekeza haren oihartzunak antzematea, esate batera, "Antza" poeman.

    1926an jaio zen, Londresko Stoke Newington auzoan. Arte ikasketak egin eta margolari gisa hasi zuen bere ibilbidea, baina 1958an lehen liburua, "A Painter of Our Time" (Gure garaiko margolaria) nobela, argitaratuz gero, idazketari emana bizi izan zen batez ere. Ez da kasualitatea, bada, bere poesian arte plastikoen eragina sakona izatea, hala egiten dituen aipamen zuzenetan (Degas, Rembrandt, Malevitx…), nola inguruaren deskribapen plastikoetan.

    Inguru hori gehienetan landa eremukoa da, eta xehetasunez azaltzen dizkigu basoak (taiga), arbolak (sagarrondoak, makatzak, intxaurrondoak, pinuak, pagoak), animaliak (Azkenak dira) eta naturako elementu oro. Poemetako batean bera baino lirikoagoak omen diren poetez dihardu, baina bere naturarekiko hurbilpena ere aski lirikoa dela esan daiteke; edertasunaren hordialdi batez baino gehiago, apaltasunez beteriko lirikotasun bat.

    Bergerren bizitzako eta obraren beste lerro garrantzitsu bat marxismoa da. Ortodoxia komunistatik aparte ibili zen bere erreferentzia funtsezkoenetako baten, Walter Benjaminen, antzera. Hala, garai post-utopikoetako malura darie bere zenbait piezari ("Etsipenaren zazpi maila"), edo klase kontzientzia ageri da beste batzuetan (1926-11-05ean sortua).

    Bestetik, II. Mundu Gerran soldadu aritu zen Britainia Handiko armadan, eta guda esperientzia horrek ere utzi zion arrastoa. "Cervignanoko partisanoak" poeman, 21 lagun ditu gogoan, “beren nahiak bete aurretik” naziek tiroz hil zituzten partisano haiek.

    Autore moderno gehienek bezalatsu, bere lanabesarekiko (hizkuntzarekiko) kezka ere nabaria da, nahiz eta sarri esplizitua ez izan. Hitz migrariak alean, ama hizkuntzako hots guztiak lur txatal batean ehorzteaz ari zaigu, eta irudiak Bernardo Atxagaren "Soinujolearen semea"-ko Daviden ekintza hura dakar gogora, zeinak euskarazko hitzak gordetzen zituen lurpean. Ez alferrik, Bergerrek eta Atxagak elkar ezagutu zuten arestian aipatutako Periferike jaialdian.

    Deigarria da, gurean hain maitatua izaki, Bergerren lanik ez edukitzea orain arte euskaraz, salbu eta sareko zenbait erreferentzia solte. Hutsune hori betetzera dator, halaber, antologia hau; poesiazaleok jakin badakigun arren hutsuneak osoki bete nahia kimera hutsa dela.

Akaso hau ere interesatzen ahal zaizu: