Rosalia de Castro euskaraz - Munduko Poesia Kaierak (MPK) - Karrikiri Euskal Denda View larger

Rosalia de Castro - Munduko Poesia Kaierak

Rosalia de Castro / Koldo Izagirre (Itzul.)

978-84-17051-04-4

10,00 € BEZ barne

Gogokoen zerrendan sartu

  • Egilea: Rosalia de Castro

    Itzultzailea: Koldo Izagirre

    Bilduma honetan dago: MUNDUKO POESIA KAIERAK

    Hitzaurrea: Beñat Sarasola

    Rosalia de Castro figura funtsezkoa dugu galiziar poesiaren historian; hain da horrela, ezen haren "Cantares Gallegos" (Eresi galegoak) argitarapena (1863) jotzen da "Rexurdimento" (Pizkundea) mugimenduaren abiapuntutzat. Galiziar pizkundea Kataluniakoren paraleloan garatu zen gutxi-asko, abertzaletasunaren piztearekin loturik politikoki, eta poesiari dagokionez, lore jokoen antolaketek bultzaturik.

    Euskal pizkundea apur bat geroago loratu zen, XX. mendeko hastapenetan, eta denek dituzte neurri batean antzeko ezaugarri orokorrak. Hala ere, Galiziako kasuan, pizkundea emakumezko idazle batek abiatu izana gauza ezohikoa da, gainontzeko mugimenduetan gizonezkoak izan baitziren “jaun eta jabe”.

    Gainera, "Cantares Gallego"s beste ikuspuntu askorengatik da interesgarri. Poema gehienak eresi edo esaera zaharren glosa gisa osatuak dira, eta honenbestez, sorkuntza puruaren ideia erromantikoa ezbaian jartzen dute. Horrekin batera, emakumezkoa sortzaile oso gisa aintzat hartzeko zailtasunak iradokitzen dituzte halaber glosok; ez alferrik, Castrok Antonio de Truebaren "Libro de los cantares" (Eresien liburua) oinarritu zela aitortu zuen hitzaurrean.

    Edukiari dagokionez, baina, erromantizismotik edaten du hein batean behintzat. Haren maitasunezko poemetan agerikoa da hori, "Aita San Antonio" poema durduzagarrian esaterako, non maitasun erromantikoan bete-betean txertatutako poema dugun, gaur egundik eredu horren makurkeriaren kontzientzia hartzeko irakurtzen ahal duguna. Aberri eriari buruzko poemek ere beste sail garrantzitsu bat osatzen dute. Deigarria da nola erabiltzen duen ortuaren metafora aberria irudikatzeko, hain justu Xabier Lizardik hamarkada batzuk geroago egingo zuen bezalaxe "Asaba zaharren baratza" poema sonatuan. Mugimendu erromantikoak bultzaturikoari jarraiki ere, herri tradiziotik ekarritako formak erabili zituen Castrok, bereziki kopla: "Kanta ezazu"; "Agur ibai, agur iturri".

    "Follas novas" (Hosto berriak) izan zen galegoz idatzi zuen bigarren eta azken poema liburua. 1880an emana argitara, Castrok berak aurrekoaren segidatzat jo bazuen ere, kritikariek bien arteko aldeak azpimarratu izan dituzte. Landutako gaiak antzekoak dira, baina "Follas novas"-en presentzia bereziki nabarmena du emigrazioaren arazoak. Ezagun denez, galego saldoak (milioi erdia gutxi gorabehera 1860tik 1887ra) emigratu zuen Ameriketara garai hartan, eta auziari idatziriko poemak ditugu "Habanarantz!" eta "Lur gurea!" besteak beste.

    Kultura portugaldar eta galiziarrean "saudade" hitzarekin ezaguna den melankolia sentimendu moduko hori adierazten dute poema horiek nolabait; utzitako bizitza eta aberriak eragindako mina. Sentimendu hori ere kutsu existentzialagoa duten poemetara igarotzen da, sinbolisten "ennui" famaturantz gerturatuz hainbat lerrotan: “bizitza hau zaigunean / neke eta etsimen”. Ildo horretako "Gaur edo bihar" poema ere aski nabarmentzekoa da, (norbere) heriotzari idatzitako poema aparta eta zirraragarria.

    Rosalia de Castroren lanak utzi izan du arrastorik Galiziatik kanpo ere, esaterako Federico Garcia Lorcarengan. "Canzón de cuna pra Rosalía Castro, morta" (Seaska kanta Rosalia Castrorentzat, hilik dela) poema idatzi zuen galegoz Castroren hilobia bisitatu ostean. Haren poemak ere kantari ugarik musikatu badituzte ere, Amancio Pradak eginiko bertsioak dira ezagunenak, arestian aipatutako "Adios rios, adios fontes" esaterako.

    Honakoa duzu galegotik itzulitako lehen kaiera, ez nolanahiko poetari eskainia gainera; gaur egun ere poesia galegoz idazten jarraitzen bada, neurri batean bederen Rosalia de Castrori esker baita.

Akaso hau ere interesatzen ahal zaizu: