Stephane Mallarme - Munduko Poesia Kaierak (MPK) - Karrikiri Euskal Denda View larger

Stephane Mallarme - Munduko Poesia Kaierak

Stephane Mallarme / Josu Landa (Itzul.)

978-84-92468-89-8

10,00 € BEZ barne

Gogokoen zerrendan sartu

  • Egilea: Stephane Mallarme

    Itzultzailea: Josu Landa

    Bilduma honetan dago: MUNDUKO POESIA KAIERAK

    Hitzaurrea: Beñat Sarasola

    Poesiaren historiako izen handienetako bat dugu Stephane Mallarme (1842-1898), askoren iritzian XIX. mendeko olerkigintzaren gailurra. Baiki, bide urratzailea izan zen zentzu askotan, modu agerikoenean "Dado kolpe batek" poemak erakusten duen gisara, zeina bertso librearen nahiz abangoardien aitzindaritzat jotzen den.

    Errima eta konbentzio espazialak bazter utziz, bere horretan kasik objektu artistikotzat jo daitekeen pieza bat konposatu zuen, gerora abangoardistek (Guillaume Apollinaire, Joan Brossa, Joxan Artze) hainbeste jorratutako poesia bisualetako estreinakoetako bat.

    Poema hori bada ere ziur aski Mallarmeren ale ikusgarri eta apurtzaileena, guztiz okerra litzateke haren obra horretara mugatzea. Areago, haren obrako poema guztiak hartzen ditu kritikak goi mailakotzat, eta ia denen gainean idatzi dira hamaika saio eta interpretazio. Izan ere, Mallarmeren obra zabala bainoago trinkoa da; esanahien multiplikatzea poema berrien idazketaren bidez bilatu beharrean poemen etengabeko idazketa, fintze, berridazketa bidez bilatzen zuen.

    Urregintzako langintza bailitzan, azkenerako haren poemetan hitz bakoitzeko esanahi ugari sortzen dira, oihartzun segida ia amaiezinekin. Ezagunak dira, adibidez homofonien bidez sortutako esanahi jokoak (cygne (zisne) / signe (zeinu)) edo metonimia bidez egindakoak (azur/ciel). Mallarmeren obraren erregulartasun eta trinkotasun horren kausaz, oso lan nekeza da hura antologatzea, beti geratzen baitira bazterrean aintzat hartzea ongi merezi duten poemak. Antologia bat egitea definizioz ekintza injustua bada, kasu honetan are injustuago.

    Edonola den, muga oro gure eginda ere, antologia hau aski baliagarria da Mallarmeren poesiara gerturatzeko, estreinako aldiz euskaraz gainera. Bertan topatuko ditu irakurleak, arestian aipatutako poema enblematikoaz aparte, "Leihoak" eta "Larrimina", esaterako, poesia sinbolistako bi poema eredugarri, "Herodias" poema-tragedia bukatugabea eta "Fauno baten arratsaldea" (Paul Valeryren esanetan poesia frantseseko poema behinena eta Claude Debussyren pieza bat inspiratu zuena), edota "Bere azazkal puruek goian dute onixa" sonetoa, besteren artean Octavio Paz-ek itzuli eta bikainki iruzkindu zuena.

    Beste sail batekoak dira miresten zituen pertsonen omenez idatzitako poemak. Omenaldi horiek metonimietan zertzen zituen maiz: Edgar Allan Poeren eta Charles Baudelaireren hilarriei idatzi zien Poe eta Baudelaire goresteko, eta bere etxeko haizemaileei haren emazte eta alaba ondratzeko. Fikziozko pertsonaiei ere omen egin zien baina, "Des Esseintes-entzako" prosa poeman bezalaxe, non Joris-Karl Huysmansen "A rebours" ("Ile kontra") nobelako Jean des Esseintes protagonistari idatzi zion.

    Omenaldi horietan agerian geratzen da sinbolismo frantsesaren lerroa, Baudelairek Poe irakurtzen duenean abiatzen dena nolabait, eta Mallarmeren ondorengo Valeryrekin osatzen. Esan bezala, alimalezko eragina izango zuen haren poesiak gainontzeko herrialdeetan, T.S. Eliot-engandik hasita, Ruben Dario edota, gurean, Lauaxeta eta Xabier Lizardirenganaino.

    Itzal horren eragina ere bestela uler liteke baina. Apollinairek inoiz aipatu omen zuen Mallarmeren ondoren ezin zela gehiago poesiarik egin ordura arteko moldean; halako zedarria izan zen, ezen harengandik aparte ibiltzea beste erremediorik ez baitzegoen, Apollinaireren beraren poesiagintzak erakusten duen moduan. Aldez edo moldez, bada, ezagun da Mallarmeren geriza luze-zabal izan zela oso.

Akaso hau ere interesatzen ahal zaizu: