Etiketak
Ikusitako produktuak
84-35008887100
Kontuz: Inbentarioan ditugun azkeneko elementuak!
Honako datan eskuragarri:
Egilea: Ibon RG
Deskribapena:
Ibon RG musikariak (Ibon Rodriguez) bere lehen lan luzea kaleratu du Repetidor kolektiboaren zigiluarekin. Hamar hazbeteko bi binilozko disko dira, bata a capella abestua eta bestea pianoak lagunduta. Txesus Garate Tzesne arduratu da diskoaren grabazioaz eta ekoizpenaz. Grabazio saioak hainbat tokitan egin dituzte: Manzanedo Araneko eremitorio batean, Errenteriako Aitzpitarte IV.a leizean, Getxoko eta Galdakaoko bunker banatan eta Eibarko musika eskolan. Toki horietako hormen eta ertzen kontra Ibonen ahotsak modu berezian nola durundatzen duen entzun daiteke. Kanta batzuetan ahotsa lur azpitik sortzen dela ematen du. Iboni bere barrutik ateratzen zaion ahotsa entzulearen barruraino sartzen da, erraiak eta bihotza ukitzen dizkio. Bere ahotsa, bere kantaera hunkigarria da erabat, izugarria, sekulakoa. Batzuetan astiro kantatzen du, beste batzuetan arinago, batzuetan leun, beste batzuetan indartsuago, eta aieneak, marruak eta hotsak ere egiten ditu. Kantatzeko modu eta tonu ugari erabiltzen ditu, eta ederki baliatzen ditu silabek eta hizkiek errima eta fonetika aldetik eskaintzen dizkioten aukerak, soinuak. Pianoa ere bikain jotzen du, kanta bakoitzak eskatzen dionaren arabera, besterik ez, soberan egon daitezkeen apaindurarik edo birtuosismorik gabe. Ahotsa baita protagonista. Kantak mingotsak dira, zirraragarriak, zorrotzak; harremanak, egia-gezurra, denbora, memoria, heriotza eta beste hainbat gairen inguruan eginak, eta naturako elementuen bidez adieraziak. Diskoko hitz guztiak Ibonenak dira, Koldo Izagirreren Baldintza subjektiboak olerkia izan ezik. Ibon Rodriguez sestaoarrak urte batzuk badaramatza hainbat proiektutan parte hartzen, ohikoak ez diren musikak egiten, eta zabaltzen ere bai, kontzertuak antolatzen Kafea eta Galletak egitasmoaren barruan. Gaur egun, besteak beste, Eten taldeko kidea da, eta ahotsezko inprobisazioa eta elektronika uztartzen dituen Gargara bikotean aritzen da Miguel A. Garciarekin. Halaber, Xabier Montoiarekin aritua da, eta Mursego, Manett eta beste zenbait talderentzat ekoizpen lanak egin izan ditu. Hil zara da bere bakarkako lehen lana. Oso ona, ederra, txalotzeko modukoa.
Joxi Ubeda Goikoetxea 2019ko otsailaren 10a Argia astekarian