May Ayim - Munduko Poesia Kaierak - Karrikiri Euskal Denda View larger

May Ayim - Munduko Poesia Kaierak

May Ayim / Garazi Ugalde (Itzul.)

978-84-17051-55-6

10,00 € BEZ barne

Gogokoen zerrendan sartu

  • Egilea: May Ayim

    Itzultzailea: Garazi Ugalde

    Bilduma honetan dago: MUNDUKO POESIA KAIERAK

    Hitzaurrea: Beñat Sarasola

    Poesiari ez zaio gehiegitan aitortzen zauria zauritzeko dohaina. Dela lirika erromantikoaren poetiketan, dela poetika sinbolistetan, ez da hori izaten jomuga nagusienetakoa, eta milikeriarik gabe idaztearena beste genero batzuei (saiakera, ez-fikzioa, denuntzia politikoa) utzi ohi zaie. Perspektibarekin begiratuta, baina, horixe izan zen May Ayim-en poesiaren bertute handienetakoa, hots, Holokaustoaren trauma nekez atzean uzten ari zen Alemaniaren zauria presente egitekoa.

    Ariketa hori arrazakeriaren eta, oro har, ezein zapalkuntzaren eitea eguneratuz egin zuen. Halaxe azpimarratu zuen XX. mende akaberan arrazakeriak, sexismoak, lodifobiak eta abarrek ere erraietaraino sartuta jarraitzen zutela Alemanian, nahiz eta Holokaustoaren garaikoa bezain agerikoa ez izan. Ayimen poesiaren ezaugarrietako bat horixe baita, zapalkuntza ezkutu horiek soslai intersekzionaletik begiratu eta azalaraztea (bere poemak intersekzionalitatea hedatu aurrekoak izan arren).

    1960an jaio zen Hanburgon, eta oso gazterik hil, 36 urte besterik ez zituela, 1996an, bere buruaz beste eginda. Ama alemaniar eta aita ghanatar banaren alaba, familia zuri alemaniar batek adoptatu eta hezi zuen. Ez zen haurtzaro gozoa izan Ayimentzat, eta horren zantzuak suma litezke bere poema batzuetan.

    Gaztetatik izan zuen interesa kultura afro-alemaniarrarekiko, eta Ratisbonako Unibertsitatean defenditutako tesiak horixe izan zuen gaitzat. Ikerketa esparru horretan aitzindaria izan zen bere tesia, gerora liburu gisa argitaratu zena. Bere saiakerez kanpo ere, gai hori jorratzen dute Ayimen poema ugarik. Bereziki gurasokeriazko diskurtsoak zituen jomugatzat Ayimek, arrazakeria isil hori, etorkorra dena ulerkorra bainoago (afro-alemana II).

    Izan ere, irakurleari atsedenik ematen ez dion poesia da berea, ez boteretsuen ez besteen hobenik garbitzen ez duena: “hitza duten horiek / ez diote ezer / gainerako gehienak / ere isilik / daude”. Asimilazioa da Ayimek bikainki arakatzen duen mekanismo soziala; adibidez, tragedia humano lazgarrienak ere onartzeko gai garela egunerokotasunaren egunerokotasunaz.

    Begirada kritiko hori esparru guztietara eraman zuen, Alemaniaren bateratze prozesura ere bai, esaterako, immigrante, errefuxiatu, judutar eta beltzak prozesutik kanpo uzteagatik.

    Bere erreferentzia ezinbestekoetako bat bilduma honetako 13. kaiera eskaini genion Audre Lorde izan zuen, eta poema eder askoa eskaini zion haren heriotzan. Lorde eta beste batzuekin batera sortu zuen 1985ean Initiative Schwarze Deutsche und Schwarze in Deutschland (Alemaniar beltzen eta Alemanian bizi diren beltzen ekimena).

    Ayimen lengoaia poetikoa zuzen eta erritmikoa da. Poesia diskurtsibo itxura izanagatik, ez da lehen begiratuan dirudien bezalakoa, eta hitz justuen erabilera da bere bertuterik apartenetako bat. Garapen luzeko poemak airean joaten dira bere idazmoldeak eta lerroen banaketa biziak lagundurik, baina era berean, bikainak dira poema laburrak, hala nola, Maitasuna, ale aforistiko borobila.

    Ahozko tradiziotik ere edaten zuen, bere errezitatzeko modu indartsuak (irakurri gabe) erakusten zuen moduan. 2004an May Ayim Award nazioarteko literatura saria sortu zuten, eta 2013an argitaratu ziren bere poema guztiak Weitergehen (Aurrera) liburuan. Edizio horretan oinarritu da Garazi Ugalde euskarazko kaiera ontzeko. Aukera bakana dugu honakoa Ayimen poesian murgiltzeko; ingelesez aparte, ez baitago haren poesia itzulia taxuzko edizioetan irakurtzeko paradarik.

Akaso hau ere interesatzen ahal zaizu: