Adrienne Rich euskaraz - Munduko Poesia Kaierak (MPK) - Karrikiri Euskal Denda View larger

Adrienne Rich - Munduko Poesia Kaierak

Adrienne Rich + Maialen Berasategi (Itzul.)

978-84-92468-95-9

10,00 € BEZ barne

Gogokoen zerrendan sartu

  • Egilea: Adrienne Rich

    Itzultzailea: Maialen Berasategi

    Bilduma honetan dago: MUNDUKO POESIA KAIERAK

    Hitzaurrea: Beñat Sarasola

    Ez dira asko izango bizitzan zehar Adrienne Richek bezainbesteko laudorioak jaso dituzten poetak. Haren poesiaren izaera kontuan hartuz paradoxikoa irudi lukeen arren, poeta estatubatuar batek jaso ditzakeen sari garrantzitsu gehienak jaso zituen (Yale Younger Poets Award, National Book Award for Poetry, Poets’ Prize, Robert Frost Medal, Wallace Stevens Award).

    AEBetako Kongresuak ematen duen National Medal of Arts saria ere eman zioten 1997an, nahiz eta ukatu egin zuen, Bill Clinton-en administrazioaren “politika zinikoak” artearekin kontrajarriak zirela argudiatuz. National Book Award for Poetry saria eman ziotenean, aldiz, harekin nominatuak izan ziren Alice Walker eta Audre Lorderekin batera jaso zuen, “patriarkatuak isilarazitako emakume guztien izenean”.

    Oso gazterik jaso zuen Richen lanak aitortza, lehen poema liburua jada, 1951ko Mundu aldaketa, aski txalotua izan baitzen. Haatik, luze gabe jarri zuen zalantzan lehen obra haietan lantzen ari zen poetika. Sari eta laudorioak gorabehera, halako ezinegon bat sentitzen zuen, zeinari urte batzuen buruan forma emango zion.

    Urte luzez gizonentzat —bereziki aitarentzat— idatzi zuela ohartu zen 50eko hamarkadaren bukaeran. Aitortu izan zuenez, gizonezko poetengandik (Robert Frost, Dylan Thomas, W. H. Auden, Wallace Stevens, W. B. Yeats eta abar) ikasi zuen poesia idaztearen antzea, lerroak ontzeko eskua, baina horrekin ez zen aski poesia zinezko bat sortzeko. Kontzientzia horrekin hasi zen, beraz, bere esperientzien galbahetik igarotako poesia idazten, poesia askoz ere gordin eta erradikalagoa, tradiziotik jasotako formalismo zintzoetatik aparte.

    Biraketa horren mugarri dugu 1959an argitaratu "Errain baten argazkiak" liburua. Bildumako izen bereko poema jotzen da adibidez Richen lehen poema bete-betean feministatzat; ordura arte, Richen beraren arabera, bere burua poeta emakumezko gisa ez identifikatzen ahalegindu zen kosta ala kosta. Handik aurrera garatuko du, honenbestez, bere molde poetiko esanguratsuena, emakume izatearen kontzientziak goitik behera gurutzatua. Poemen egitura formalari dagokionez ere, garai hartan hasi zen tradiziozko forma metriko itxiei muzin egin eta lerro askean idazten.

    Biraketa hori idazle emakumezkoak irakurtzearen poderioz gauzatu zuen, haien bidez jabetu baitzen poesiaren historiaren izaera maskulinoaz. Bere hitzetan, “poesia unibertsala”k ez zuen besterik esan nahi “poesia ez-emakumezkoa” baino. Literaturaren historia horren kritikaz ohartzeko "Hogeita bat maitasun-poema" sortako bosgarrena irakurri besterik ez dugu, esaterako.

    Hausnarketa horietan Virginia Woolf, Silvia Plath, Diane Wakoski eta beste izan zituen bidaide, zeintzuek erakutsi zioten ze tamainakoa zen (den) gizonaren indar eta ahala. Richek, bere poesiaren bidez, egoera horrek emakumezkoengan sortzen duen amorrua —ezkutatzera behartua— ikertzen jardun zuen, "Amorruaren fenomenologia" poeman esaterako irakurtzen ahal duguna. Halaber, lesbianismoaren izaera politikoa eta hark eragindako talka irudikatu zuen ale ugaritan: “bi emakume elkarrekin, hori lan bat dela / zibilizazioan ezerk erraztu ez duena”.

    1929an jaio zen Baltimoren, bere hitzetan, “liburuz beteriko klase ertaineko etxe batean”. Neurri batean, bere jatorrizko identitate zuri, heterosexual, klase ertainekoa deseraikitzen ahalegindu zen, eta gatazka horren zauri eta zantzuak topatuko ditu irakurleak Richen poesian.

Akaso hau ere interesatzen ahal zaizu: