Etiketak
Ikusitako produktuak
978-84-17051-74-7
Kontuz: Inbentarioan ditugun azkeneko elementuak!
Honako datan eskuragarri:
Egilea: Saint-John Perse
Itzultzailea: Santi Leone
Bilduma honetan dago: MUNDUKO POESIA KAIERAK
Hitzaurrea: Beñat Sarasola
Antilletako bigarren poeta ekarri du kaieretara Santi Leonék. Lehenengoa bildumako hirugarrena izan zen, Aime Cesaire martinikarrarena, eta oraingoan Saint-John Perse guadalupearra dugu berrogeigarrenean. Biak antillarrak, biak frankofoniako herritar, baina jatorriz aski ezberdinak: Cesaire klase baxuko arrazializatua; Perse, berriz, klase altuko diplomatiko zuria. Alta, jatorriak jatorri, biek egin behar izan zuten Vichyko Gobernuarengandik ihes, eta biek besarkatu zuten, bakoitzak bere erara, garaiko abangoardia poetikoa. Cesairek surrealismorantz jotzen badu ere eta Persek, aldiz, (post)sinbolismorantz, interesgarria da lehenaren Sorterriratze baten kaiera eta bigarrenaren Haurtzaroa ospatzeko konparatzea. Bietan ageri baita jaioterriarekiko mira bezala haren naturaren zelebratzea.
1887an jaio zen Pointe-à-Pitre-n, eta Guadalupe irla inspirazio iturri oparoa izan zuen bizitza guztian. Izan ere, nerabezaroaren atarian irla utzi eta Frantziara joan zen bizitzera familiarekin, eta honenbestez, Guadalupeko haurtzaro galdua bikoitza izan zuen nolabait, denborazkoa zein espaziozkoa. Adituek diotenez, irla utzi izanak lorratz sakona utzi zion, eta haren poesian ageri diren zenbait pertsonaia (Umea, Printzea, Erbesteratua) horrekin loturik dago, tarteka eztanda egiten duten zenbait lerro borobil bezalaxe: “Haurtzaroa ez bada, zer zegoen orduan orain ez dagoena”. Giro hori gogora ekartzeko itsas lexiko eta lexiko botaniko joria erabiltzen du Persek, eta aparteko gaitasuna du mundu hura poetikoki berbizitzeko. Ez alferrik, 1960an Nobel saria eman ziotenean, epaimahaikoek “bere sormen poetikoaren irudimen-aberastasuna” nabarmendu zuten. Aberastasun horrek konplexutasuna esan nahi du, halaber, eta egiazki, irakurleari eskarmentu literarioa eta irakurketa zolia eskatzen dion poesia da berea. Horregatik lotu izan da Perse hermetismoarekin. Paul Valery ezagutu zuen eta nabaria da haren eragina; bestetik, lerro (post)sinbolista horretan, T.S. Eliot-ekin ere konparatu izan da, bereziki Anabasia poema, kaierean osorik duguna, The Waste Land (Lur eremua) poemarekin lotu izan delako. 1924an argitaratu zuen, Eliotena baino bi urte geroago, eta Perseren poema preziatuenetarikoa da. Itzultzaile apartak izan ditu, gainera; Eliot beraz aparte, Giuseppe Ungaretti eta Walter Benjamin, besteak beste. Itzultzaile zerrenda horrek arrasto ona ematen du Perseren poesiaren jite eta kalitatea sumatzeko.
Bere hastapen literarioetan Andre Gide eta Nouvelle Revue Française taldekoak ezagutu eta haiekin argitaratu zuen lehen liburua, Eloges (Gorazarreak) (bertakoa da Haurtzaroaren ospatzea). Sail edo zikloka argitaratzen zituen poemak, eta normalean, txatal edo bertsetak idazten zituen, prosa poetikoetara gerturatzen diren piezak. Txinan idatzi zuen Anabasia, hango enbaxadan lanean ari zela. Hogei urtez idazteke igaro eta gero, AEBetako erbestean ekin zion berriro Erbestea liburuarekin, 1945ean. 1975ean hil zen arte publikatzen jarraitu zuen, ordurako XX. mendeko poeta handienen artean lekua eginda.
Gisa honetako poesiaren itzulpenek edukitzen duten arrisku handienetakoa originala sinplifikatzekoa izan ohi da. Originala atxikitzeko zailtasunagatik, irekia dena ixtera jo dezake itzultzaileak. Ez da hori kaier honetan gertatzen dena. Santi Leonék bikainki menderatzen duen nafarreraren zirrikitu guztiak arakatu ditu Perseren adierazle eta adierazi festa gurera ekartzeko.