Etiketak
Ikusitako produktuak
978-84-17940-64-5
Kontuz: Inbentarioan ditugun azkeneko elementuak!
Honako datan eskuragarri:
Egilea: Juan Kurz Igerabide
Ilustrazioak: Koldobika Jauregi
Deskribapena:
Zer da aforismoaren egia?
Esaten hasi, eta amildegia.
Aforismoa definitzea ez da samurra. Pentsamenduaren flash bat da aforismoa, bizitzaren misterioetako bat laburbiltzen duen suspirioa. Hitz gutxirekin hedadura handiko kontu sakona laburbiltzeko, laburrean luze esateko ahalegina. Helburua filosofikoa izan arren, hizkera poetikoa baliatzen duen genero literarioa. Aforismoa inteligentziaren emaitza da, hitzetan emandako sententzia labur bat. Baina ez da hori bakarrik. Aforismoa sentiberatasunaren emaitza da, bat-bateko argi-txinparta baten efektua. Aforismo on bat edertasunaren emaitza da, ororen gainetik.
Juan Kruz Igerabideren hitzetan: «Aforismoa pentsamenduarekin jolas zintzo-gaiztoan dabilen esaldi labur zorrotza dela esan daiteke, nolabait hartara hurbiltzeko. Balio izan du arauak emateko, balio izan du arauak hausteko; balio izan du gida gisa, balio izan du arrastotik nola irten burutzeko».
Motx-motxean hitz eginez,
denbora gehiago geratzen da jolaserako.
Eta horixe da liburu honen helburuetako bat: hitzekin jolastea. Igerabidek ironia eta metaforen bidez gai sakon batzuei buruz hausnartzera eramaten gaitu batzuetan; beste batzuetan, berriz, umorearen bidez, hizkuntzarekin jolasteko aukera ere badagoela erakusten digu. Mota guztietako aforismoak irakur daitezke, haur eta gazteen egunerokotasuna oinarrian: eskola, gurasoak, zoriontasuna, beldurra, demokrazia, gaixotasuna, haurtzaroa, besteak beste. Gehienetan, gogoeta egitera gonbidatzen gaitu egileak. Jarrera kritikoa du, baina era samurrean egina.
Demokrazia zer den? Sagarrak elkarren
artean banatu, eta zer zapore duten ados ez jartzea.
Espazioak leku garrantzitsua du liburuan. Irakurketaren eta hausnarketaren artean dagoen espazioa edo arnasa. Irakurtzeko erritmoak ere tarte bat izan behar du (ez da tirada batean irakurtzen den nobela edo ipuin bat). Adierazgarria da liburuko orrialde askoren zuriunea. Literatura eta eskultura uztartuz, espazioaren maisu bat izan da, Koldobika Jauregi eskultorea hain zuzen, tinta beltzez egindako irudiekin liburua osatu duena. Irudi indartsuak, surrealistak, iradokitzaileak.
Buruan egosten dira ametsak.
Batzuetan, kiskali egiten dira.
Igerabidek, liburu honekin, tresna ezin hobea eskaintzen digu ametsak erre ez daitezen eta pertsona gisa hazteko. Txikientzako eta nagusientzako liburua. Adinik gabeko liburua. Tarteka irakurtzeko liburua; bakardadean edo lagunduta. Bizitza hobeto ulertzeko liburua.