Alfonsina Storni euskaraz - Munduko Poesia Kaierak (MPK) - Karrikiri Euskal Denda View larger

Alfonsina Storni - Munduko Poesia Kaierak

Alfonsina Storni / Uxue Alberdi (Itzul.)

978-84-92468-96-6

10,00 € BEZ barne

Gogokoen zerrendan sartu

  • Egilea: Alfonsina Storni

    Itzultzailea: Uxue Alberdi

    Bilduma honetan dago: MUNDUKO POESIA KAIERAK

    Hitzaurrea: Beñat Sarasola

    Itsasoz jantzi omen zen behin Alfonsina Storni. Halaxe dio "Alfonsina y el mar" kantu famatuak, Ariel Ramirez-ek konposatu zuena Felix Lunaren letrarekin, eta gerora gisa askotariko jendeak interpretatu duena. Janzki horrek, jakina, egitate ez hain poetiko bat gordetzen zuen, Storniren suizidioa alegia.

    Kantuak dioenez, Storni ezarian, urratsez urrats, barneratu zen itsasoan; ikerlariek beste bertsio ez hain poetikoa babestu dute, ordea. Uharri batetik bota omen zuen bere burua uretara Mar de Platako La Perla hondartzan, berrogeita sei urte zituela. Aspaldi zen minbizi malapartatu bati buru egiten ziola.

    Storniren itsasoarekikoa, ordea, ez zen soilik bere biziaren akaberako kontua izan. Haren poesia itsasoaren erreferentziez josirik da, "Itsasoaren aurrean", "Hilerria itsas aurrean" edo "Mina" bezalako poemetan agerikoa denez. Mendebaldeko irudi poetiko errepikaria da itsasoa, eta gurean, esaterako, Joseba Sarrionandiaren sorkuntzan aski present dugu (Eider Rodriguezek aztertu du berriki harreman hori). Storniren kasuan, poetak itsasoaren indar eta amorrua ments dituela dirudi, beretzat nahi dituela haren ahal eta oldarraldiak.

    Ez da hori, alabaina, Storniren janzki poetiko bakarra. Gizarte patriarkal batean emakume izatearen esperientziak blaitzen du orobat bere poesia osoa, bereziki gizonen maitale izatearen neke-zorigaitzak. Hemeretzi urterekin haurdun geratu eta Buenos Airesera joan zen bizitzera. Han jaio zen, 1912. urtean, bakarrik heztea egokituko zitzaion Alejandro semea. Haren omenezkoa da hil baino lau urte lehenago publikatu zuen "Zazpi putzuko mundu" poema liburua.

    Gizonek eragindako zaputz eta amorrazioak, esan bezala, tai gabe azaltzen zaizkigu bere poemetan, lerro suntsitzaileekin maiz: “gizonek nahiago dituzte haragiari emanak”. Izan ere, Storniren poesiaren ezaugarri agerikoenetakoa da idazkeraren indarra; hitzak aho zorrotzeko aizto dira haren poesian. Ez alferrik, "Lapitza" poeman, lehergailu batekin konparatzen du ni poetikoak poltsan daraman arkatza.

    Zenbait urte lehenago idatzia, bi Gabrielen armen aurrekaritzat jo liteke lapitza: Celayaren etorkizunez kargaturikoarena eta Arestiren mailuarena. Orobat, Arestirengana ("Nire izena" poemara zehazki) darama ezinbestez euskal irakurlea "Nire hilarrirako epitafioa" poemak. Munduaren gorabeherengatik libro, baketan azaltzen da Storniren nia hilarrian; Arestik, seguru asko, izango du han ere motiborik kexa-protestarako.

    Buenos Airesera joan zelarik, lehenengo kolaborazio eta argitalpenak publikatzen hasi zen, tartean estreinako poema liburua 1916an, Arrosondoaren ezinegona. Ordukoak dira halaber hainbat aldizkaritan argitaratuko dituen artikuluak, aldarrikapen feministez onduak gehienak.

    Geroz eta poeta ezagunagoa egin ahala, gizonezkoenak ziren zenbait gunetara sarbidea lortu zuen, besteak beste, Anaconda eta Signo talde literarioen bilkuretara. Anacondan ezagutu omen zuen Horacio Quiroga idazlea, eta hil arteko harreman estua izan zuten. Haren heriotzan poema lazgarria idatzi zuen Stornik, lehen lerrotik lazgarri: “Zu bezala hiltzea, Horacio, zeure senean”. Quirogak minbizia zuela jakin berritan erabaki zuen biziari fini esatea zianuroa lagun, Storni itsasoz jantzi baino urtebete lehenago. Senean hil ziren bi-biak.

Akaso hau ere interesatzen ahal zaizu: